Jupiter

Jupiter eguzki-sistemako bosgarren planeta da. Denetatik handiena da askogatik; Lurra baina 318 aldiz masa handiagoa dauka, eta diametroan 11 aldiz handiagoa da. Gasezko planeta da, batez ere hidrogeno eta helioz osatua. Oso atmosfera bizia dauka, 140 m/s (500 km/h) abiadurako haizeekin eta oso bereizgarria den ekaitz batekin, Orban Gorri Handia deiturikoa. Bere izena Jupiter erromatar jainkoagatik datorkio.









Ezaugarri orokorrak


Jupiter antzinatik ezagutzen da, zeruko objekturik distiratsuenetarikoa baita. Urtean zehar planetarik argitsuena da, Artizarra eta Marte ezik, hauek argiagoak baitira fase egokian badaude. 1610ean Galileok lau satelite aurkitu zituen Jupiterren teleskopioa erabiliz: Io, Europa, Ganimede eta Kalisto.
Beste planeta guztiak batuta baino 2,5 aldiz masa handiagoa du Jupiterrek. Bere tamaina handiak eragina izan du eguzki-sistemaren bilakaeran: planeta gehienen orbitak Jupiterren orbitaren planotik gertu daude eta kometa asko periodo laburrekoak dira (adibidez Halley kometa) bere grabitazio indar handiagatik.
Errotazio-periodo laburrena du, bira bat 10 ordu baino gutxiagoan osatuz. Errotazio-abiadura handi honen eraginez nabarmenki obalatuta dago. Bere atmosfera hainbat bandetan zatitua dago eta hego-hemisferioan ekaitz izugarri bat du, Orban Gorria, Lurra baino handiagoa dena.







Ezaugarri Fisikoak



Barne Egitura



Jupiter planeta gaseosoa da, baina atmosferan jaitsi ahala presioa handitu egiten da, hidrogenoa likido bihurtuz 10.000 km-ko sakontasunetan. Sakonago, konpresio izugarriaren eraginez, hidrogeno likidoak propietate metalikoak hartzen ditu, hau da, elektroiak aske mugitzen dira. Barnean nukleo solido bat dagoela uste da.









Atmosfera



Batez ere hidrogenoz eta helioz osatua dago (%86 eta %14 hurrenez hurren), eta beste konposatuen aztarnak ditu (metanoa, ur lurruna, amoniakoa, etab.) proportzio askoz txikiagoan.
Atmosferak ez du errotazio-periodo konstantea: ekuatoreko lainoek bira bat polokoek baino 5 minutu gutxiagoan burutzen dute. Banda ezberdinetan dago zatitua, edozein argazkitan ikusi daitekeen bezala. Banda hauek abiadura ezberdinak dituzte eta beraien artean turbulentziak eta ekaitzak sortzen dira. 600 km/h-ko haizeak ez dira arraroak.




 Mugimendua